2012-03-20

Bihotzeko paisaia

Askotan izan dut eremu hau inspirazio iturri, baina ez naiz inoiz barruan egon. Arangurengo papelera erabili izan nuen "Tilet" argitaratzen nuenean, Zallako herriari buruz hausnartzeko aurkezten nituen jaietako karteletan, eta karrera egin nuen bitartean nire diskurtsoari koherentzia minimo bat emateko.
Egun hutsik dago, geldirik, zorrak janda, erabaki okerren gatibu. Langilerik gabe, orube preziatu bat. Salgai. Enkarterriaren arima bezala.
Aitite hemen ibili zen arotz; duela bi urte bete zen bere etorreraren mendeurrena, hamabi urte zituelarik Astudillo (Palentzia) herriko egoera latza atzean utzita. Hemen eman dute bizitza bi osabak eta lagun batzuek. Anaiak eta lehengusuak bertan egin zuten lan, haien karrerak ordaintzeko. Nik ez. Nik euskera klaseak emanez eta antzerkiaren bitartez lortzen nituen sosak.
Gaur argazki batzuk egitera hurbildu naiz. Seguratak galdetu dit ea kazetaria ala turista nintzen. Erantzun beharrean itzuli diot itauna:
- Zein da aldea? .
- Debekatuta dago argazkiak ateratzea!!
- Hau guztia paisaia da: ez dago debekatu dezakeenik!!
Walkie talkietik norbaitekin hitz egiten zuen bitartean alde egin du, marmarka eta bere bizitza ez korapilatzeko eskatzen zidan bitartean.
Kotxean sartzerakoan hotza sentitu dut. Haizeak lagunduta, hutsune handiak nabaritu ditut nire bihotzean eta eremu honetan bizitza utzi dutenen omenez mantenduko  dugun ikonoa zein izango den aukeratu beharraz ohartu naiz.
Garaiz; berandu baino lehen.